Otsagabia Nafarroako ipar ekialdean, Pirinioen magaletan eta Iratiko basoaren mugan dagoen Zaraitzu ibarreko herria da. Herri honetan urtero irailaren 7 eta 8an, Muskildako Andra Mariaren egunean, honen ohoretan dantza ikusgarri batzuk dantzatzen dira.
Dantza hau, Nafarroako dantza gehienak bezala Iruñeko Duguna dantza taldearen eskutik jaso izan zen 1956an. Hala ere, 1959ko abuztuaren 17an aurkeztu zen lehenengoz Bilbon. 1992ko uztailaren 11n Otsagabiako bertsio berritua aurkeztu zen Santutxuko jaietan Otsagabia bertako dantzariengandik zuzenean ikasita.
Aipatzekoa da hainbat ikerketa folklorikoren arabera, makil-dantzak ez direla Nafarroako inguru menditsu honen ezaugarri. Ez dago inguruan antzeko beste eredurik, makil-dantzak askoz arruntagoak dira Erriberan eta Nafarroako ekialdeko Aragoi aldean. Dena den, badirudi makil-dantzak duela 300 urte baino lehenagotik dantzatu direla Otsagabian, izan ere, badira 1666an idatzitako eta horien berri ematen duten dokumentuak. Hala ere, Otsagabia inguruan duela gutxi arte Ttun-ttuna ere dantzatzen zen, ingurutxoen familiako dantza, eta honek bai, inguruko folklorearekin antzekotasun handiagoa gordetzen du.
Makil dantzen jatorria, kultura unibertsalean sustraituta daudenak Neolitikoan kokatu daiteke folklore aditu askoren ustez. Jatorria berez lurren emankortasun erritualei lotuta legoke, beste erritual magiko batzuekin batera. Badago literaturan oinarritutako aipamena nahiko hedatua makil dantzen jatorria guda dantzetan kokatzen duena, taldeen arteko borrokak erakusteagatik, baina aditu gehienek teoria hau baztertu egiten dute.
Hortaz, Muskildako Andra Mariaren egunean burutzen den ospakizuna galdutako jatorria duten erritualak egituratzeko aitzakia bat direla esan daiteke. Julio Caro Barojak esan zuenez dantza hauek egutegi folklorikoan beste kokapen bat edukiko lukete garai baten, erritual honi nekazal jatorria erantsi baitzaio.
Dantzan parte hartzen duten Pertsonaien jatorriari buruz, bestalde, teoria ezberdinak aurkitu daitezke. Honela, dantzak duten nekazal kutsuan oinarrituta dantzariak lurrak lantzen zituzten nekazariak izango lirateke. Gaizka Barandiaranek aldiz, Antzinako testamentuko testuetan oinarrituta dantzariak apaizak izango liratekeen aukera erakusten du, Orakuluaren inguruan burututako dantza izanik.
Boboa, latineko balbus (hitz totela) hitzetik datorrena, dantza honetako pertsonaia berezia da. Badago Lizarra eta Puente La Reina duela laurehun urte boboen existentziaren adierazleren bat edo beste ere. Nahiz eta bere jatorria Erdi Aroko izen bereko pertsonaia barregarrian koka daitekeen, gaur egun bere funtzioaren ezaugarriak ez datoz bat honekin. Otsagabiako dantzetako Boboa herriko dantzaririk onena da, dantza maisua. Teoria batzuek pertsonaia honi historiaurreko aztiaren zentzua ematen diote.
Irailaren 7an, Muskildako Andra Mariaren egunaren bezperan Boboa eta 8 dantzariak etxezainaren etxera doaz denak batera, azken hau Santiago egunean, uztailean aukeratua. Behin denak batu direnean denak Etxezainaren etxean askaria jan eta kalejiran doaz frontoiraino zikloaren pieza guztiak burutuz. Bezperako saio honetan prestatze lan bat antzematen da, egun nagusiaren aurreko entsegu orokorra.
Irailaren 8an, berriz ere maiordomoaren etxean gosaltzen dute, beranduago herri guztiarekin batera kalejiran Muskildako Andra Mariaren ermitara doaz, egun bidearen zati bat kotxez egiten da. Bertara heltzean bi makil dantza eta jota dantzatzen dituzte. Honen ondoren, Muskildako Andra Mariaren irudia prozesioan ateratzen da, dantzariek, maiordomoak ikurrarekin, udalak eta patronatuak parte hartzen dutelarik. Prozesioa bukatzean jota dantzatzen da, meza ospatu aurretik. Arratsaldez, Dantzariak etxezainaren etxetik abiatzen dira ermitarantz bezperako funtzioa ikusteko. Funtzio honen ostean kalejiran berriz ere herriko plazara doaz, dantza zikloaren parte guztiak dantzatzeko herri guztiaren aurrean.
Ikuskizun osoak hurrengo dantzak ditu:
1-Paseoa: Dantzariak binaka joaten dira Boboaren atzetik, besoak goian dituztela, musikaren erritmo eramanez kriskitinen laguntzaz.
2-Enperadorea: horrela deritzote lehenengo makil-dantzariari. Paseoa amaituta Boboak makilak banatzen ditu eta dantzariek makil joko ikusgarri bat egiten dute, bikoteka elkarri aurpegia begiratuz, ZIRIKA deritzon mugimendu ederra azpimarratuz, gurutzaketa baino lehenago egiten den zirikatzeko mugimendua. .
3-Katxutxa: oso ikusgarria ere bai, dantzariek abiadura handian hainbat buelta eman behar dituztelako. Aurrekoan egiten duten ZIRIKA ere egiten da hemen.
4-Dantza: bikote eta ingurukoekin makil joko berezia egiten dute.
5-Modorro: azken makil-dantza da hau. Atal honetan, oso bereziak dira dantzariek, makurtuta, lurrari makilez astinduz, egiten dituzten bueltak. Aditu asko dantza honetan oinarritu dira Neolitikoko nekazal erritoekin lotura azaltzeko.
6-Pañolo-dantza: zortzi dantzariak, binaka, ikusleei begira, gerrian lotuta zituzten zapiak elkarrekin gurutzatuta egiten duten paseoa. Boboa, maskara jarrita lehenengo doazen dantzariei helduta doa.
7-Jota: lerroan, ikusleei begira, Boboa erdian. Banan-banan, Boboa azkena, Otsagiko jota dantzatzen dute. Jota amaitu ostean, paseoa egiten dute berriro plazatik irteteko.
1-Praka zuriak, belauna azpiraino. Beheko alde horretan, farfaila (puntilla) estuak.
2-Alkandora zuria. Alkandorak mauka luze eta eskumuturduna daramate. Alkandoraren lepoa atzean botoiez lotuta doa. Sorbalden gainean, laukizuzen itxurako oihal zuria jartzen da, tolesdurak dituena samaren itxura hobeto hartzeko, farfailez bukatua. Lepoan zinta zuriz lotzen da.
3-Alkandoraren gainetik etxarpa deitutako jantzia janzten dute. 8cm inguruko zinta da, urre koloreduna, gorputz enborraren gainean gurutzatuta jartzen dena. Albo bietan zetazko kolorezko zinta ikusgarri bi lotuta daude.
4-Etxarparen gainean kolorezko hainbat zinta janzten dira, lepoari lotuta joango den beste zinta bati josita. Kolorezko zinta hauek gerriraino heltzen dira.
5-Gerrian, triangelu forman tolestuta zapi zuri handia daroate, aurreko aldean lotuta.
6-Belaunen azpian, zerbait alboratuta, txintxarriak janzten dituzte dantzariak.
7-Buruan itxura konikoa eta buruaren gaineko aldea bakarrik estaltzen duen txanoa jartzen da, katxutxa izena duena. Borla handi bat du zintzilik.
Bobo
1-Jaka eta prakak kolore berde eta gorrikoak dira. Dantzarien praken modukoak, boboaren prakak belauna azpiraino bakarrik luzatzen dira.
2-Amaierako zapi-dantzan, txanoa kendu –dantzariak daroatenaren berdin berdina- eta maskara janzten du aurpegian.
3-Oinetakoak eta mediak ere, jantzia moduan, kolore ezberdinekoak dira, gorriak eta berdeak.
Duela gutxi arte, etxezaina bera zen jantziak urtean zehar zaintzeko arduraduna. Izan ere, oraintsu arte, irailaren 7an, Zaraitzu haraneko ohiko jantziarekin dantzatzen zuten. Irailaren 8rako eta herriaz kanpoko agerraldietarako ostera, lehentsuago aipatutako jantzi zuria gordetzen zuten. Aurreko eguneko askarian etxezainak hurrengo egunerako jantzia ematen zien, eta herritarren baten laguntzaz, etxera eroaten zuten biharamunerako
Prestatzen ari gara…
Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.
Share On