Kortes, Aragoarekin mugan dagoen Nafarroako lehen herria da eta jaiak irailaren 29an ospatzen ditu, San Migel goiaingeruaren jaiegunean.
Nafarroako Erriberako leku gutxitan mantendu dira Dance izenez ezagutzen diren makila dantzak eta beste antzezpen batzuk. Kortes herria da leku hauetariko bat.
Gaztedik Kortesko Dancea lehen aldiz dantzatu zuen 1996ko uztailaren 14an, Santutxuko jaietan.
Kortesko dantzez dihardugunean hitz bi erabiltzen dira: “Dance” eta “Paloteado” edo makil dantza. Hitz bien etimologiara jo ezkero, zuzenagoa da “Dance de Kortes” erabiltzea dantza segida guztia izendatzeko, burutzen diren makil dantzak emanaldi osoaren zati bat baino ez dira eta. Dance hitza eremu geografiko zabalagoan erabiltzen da, Kortesko hau Ebro inguruan garatzen den Dance sistema oso baten parte izanez. Bestalde, “paloteado” hitza ere oso hedatuta dago, herriak berak erabilia gehienbat, dantzariak beraiek “paloteador” edo makilari izenez ezagutzen direlarik. Hau dela eta, orokorrean dantza serie osoari Dance izena ematen zaio, baina arrunta izaten da baita “paloteado” izenez ezagutzea.
Hipotesi tradizional baten arabera Dance hau zentzu erritual eta liturgiko duen drama sakratu bat litzateke, dantzariak bentako apaizen rola betez.
Nafarroako Erriberako Dance sistema osoak gainbehera handia jasan izan du denbora pasatu den heinean, nahiz eta distira handiko aldi bat ere ezagutu izan duen. Nafarroako Dance baten idatzizko daturik zaharrena Fustiñanakoa da 1855an, baina jakina da tradizio hau mende batzuk atzeragotik datorrela. Izan ere, badago Erriberako Dancearen gaiari buruzko aipamenen bat XVI. mendean.
Kortes, denbora guztian zehar Dancea ospatzeko ohitura mantendu duen Erriberako herri bakarra da, inguruko herri asko ez bezala, hauetan ohitura hau ia gutiz galdu eta ahaztu baita. Hala ere krisialdiak Kortesko dantzetan ere eragina izan du, elementu asko galdu egin baitira, 1943 edo 1945arte burutu izan den mairu eta kristau gatazka, dantza piezaren bat edo XX. mendearen hasiera arte burutzen zen giza dorre edo gaztelua
Kortesko dantzak irailak 29an burutzen dira, San Miguel goiaingeruaren egunean, bi jardunalditan, goizekoa eta arratsaldekoa.
Taldea 8 dantzarik edo makilarik osotzen dute, morroi nagusi, artzain nagusi, aingeru eta deabruarekin batera.
Goizeko jardunaldian taldea prozesioan doa San Juan Bautistaren elizan burutzen den mezaren aurretik eta ondoren. Prozesio honetan zehar tarteka kalejira dantzatzen da.
Elizaren atarira heltzean eta San Miguelen irudia agertu bezain laster kortesiak dantzatzen dituzte, dantzariak irudiaren aurrean makurtzen direlarik. Hau da morrori nagusi eta artzain nagusiak parte hartzen duten dantza bakarra, ez baitira dantzatzen duten pertsonaiak.
Arratsaldez taldeak Udaletxe aurrean zeregin honetarako jartzen den oholtza baten eskaintzen du bere ekitaldia. Ekitaldi honetan dantzak eta pertsonaia ezberdinen antzezpenak tartekatzen dira jarraian azaltzen den eran.
Kalejira
Baltsa
Paloteado (Jota era okerrean deitua, beronen erritmoa ez baita Jotarena)
Zinta dantza sinplea
Zinta dantza bikoitza
Hemen aurkeztu den dantzen ordena ez da finkoa. Pieza guztien koreografia erraza da, eta are gehiago makil dantzak oinez burutzen zirenean, gaur egun egiten diren pausu eta saltoak 1960an sartu baitziren.
Aipatzekoa da pieza dantzatuak urriak direla inguruko herrietako Danceetan ezagutzen direnekin konparatuta. Inguruko Dance hauetan hemen aurkeztu diren pieza asko ere ezagutzen dira, beste izen batzuekin, musikarekin ere berdina gertatzen delarik.
Azkenik, ikuskizunaren elementu batzuen galera ere aipatu behar da, mairu eta kristauen arteko gatazka adibidez, 1943 edo 1945ra arte burutu izan dena. Hau, ezpata dantza moduko bat zela ematen du, lau dantzari mairuz jantzita eta beste laurak janzkera aldatu gabe mantentzen zirenak. XX. mende hasieran galdutako beste ohitura bat giza dorrearen eraikuntza da, ‘Gora San Miguel!’ oihuaz Artzain nagusiak koroatzen zuena
Taldea 8 dantzarik edo makilarik osotzen dute, morroi nagusi, artzain nagusi, aingeru eta deabruarekin batera.
Dantzari edo makilariak: Konpartsan dauden Dantzari bakarrak dira, kortesien salbuespen bakarrarekin, bertan morro nagusi eta artzain nagusiak parte hartzen baitute. Gaur egun alkandora, praka eta media zuriak, apaingarriz jositako jakak, gerriko urdina, bularrean gurutzatzen den zapi gorria eta abarketa gorriak ertz eta kordel gorriak daramatzate. Zuriz eta gorriz margotutako makilak ere badaramatzate, eskumuturretara lotzeko lokarriak dituztenak.
Azken urteetan emakumeek ere ikuskizunean parte hartu dute, bi talde ere lortu direlarik, emakumezkoena eta gizonezkoena. Esan beharra dago emakumeei zor zaiela jai honen berreskuratze eta mantentzea, eta garai hobeak heldu direnean beraien parte hartzea errespetatu egin dela. Emakumeak gizonezkoen antzera doaz, prakak beharrean gona berde bat eramaten dutelarik.
Morroi nagusia: Konpartsaren zuzendaria da ikuskizun guztian zehar. Bularraldean gurutzatuta daraman zapia urdina da gorria beharrean, makilariarena bezalakoa, eta mutur baten koloredun lorez apainduta dagoen makil handi bat darama.
Artzain nagusia: Jaiaren alderdi barregarri eta atsegina garatzen duen pertsonaia da. Morroi nagusiak bezala zapi urdina darama, baina honek ez bezala gaur egun banderatxo gorri bat darama, koloredun lorez apaindutako makilaren ordez.
Aingerua eta deabrua: Aingeru eta deabru bezala doaz jantzita, lehenengoak eskuan ezpata eta bigarrenak sarda handia daramatelarik. Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka antzeztu.
Azaldutako janzkera 1960an diseinatu zen, aspaldiko dantzaren konpartsaren partaideen testigantzatik abiatuta, 40. hamarkadatik aurrera uniformeak jasan zuen pobretzearen ondorioz. Uniformearen elementu asko berreskuratu ziren, eta jaka gehitu zen, janzkera tradizionalaren gaineko berrikuntza da azken hau.
Prestatzen ari gara…
Partiturak:
1. Cortes-Procesion (kalejira) (Klik hemen)
2. Cortes-Cortesias (Klik hemen)
3. Cortes-Trenzadosencillo (Klik hemen)
5. Cortes-Trenzado doble (Klik hemen)
6. Cortes-Paloteado (Klik hemen)
Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.
Share On