Zuberoako Maskarada dantza soil bat baino gehiago dela esan daiteke, euskal folklorearen Inauteri errito nagusia da. Bertan ematen den dantza, musika, kantu eta antzezpenen batura, eta ikusleen partaidetzaren integrazioa kontuan hartuta herrien arteko komunikazio baliabide bat izatera heldu da.
Urtero inauteri garaian eta lau hilabetetan zehar Zuberoako herri batek Maskarada prestatu egiten du, lan honetan festa berezi bat sortuz, biztanleen arteko elkar ulertze hobea eta bisitatzen dituzten herrietako biztanleekiko komunikazioa erraztuz. Hau dela-eta, Zuberoako Maskarada Europa osoko adierazpen folkloriko aberats eta osoenetarikotzat har daiteke.
Gaztedik 1954ko maiatzaren 9an burutu zituen aurrerago azalduko diren Zuberoako dantza batzuk lehen aldiz DINDIRRI dantza taldeak irakatsita. Gaztedik 1994ko otsailean burutu zuen Santutxun bere lehen Maskarada osoa, zalantzarik gabe gertaera historikotzat jo daitekeena. Ordura arte Donostiako Argia taldeak soilik lortu zuen Zuberoako maskarada oso bat kaleratzea 80ko hamarkadan. Hala ere, hauek jatorrian egiten den modu berberean aurkeztu zuten bitartean, Gaztedik Bizkaiko lurraldera egokitutako antzezpen bat prestatzea lortu zuen, termino soziologiko eta linguistikoetan. Ordutik aurrera Maskarada ugari eta honetan oinarritutako ikuskizun burutu dira.
Folklorista eta ikertzaile askok antzinatik eskaini diote arreta berezia Zuberoako inauteri herrikoiari, euskal folklorearen Inauteri errito nagusitzat hartu izan dena. Ikertzaile guztiek Inauteri honen esanahia azaldu nahi izan dute, maskarada hauen jatorrizko zentzua argitzeko helburuarekin gehienbat.
Violet Alfordek adibidez maskaradak antzinako udaberriko erritoaren antzezpenak direla baieztatzen du, natura hilik dagoen unean ematen den berriztatzearen antzezpenak. Txema Hornillak bestalde munduaren birsortze errito bat antzematen du, jatorriaren errito kosmogonikoaren errepikapen periodikoaren bitartez. Badaude beste interpretazio soziologiko batzuk, Chahorena adibidez, maskaradak antzinako egoera eta gertaera sozialen antzezpena direla azpimarratzen dutenak.
Maskaraden hastapenak kokatzen saiatzea beraz ausartegia izan daiteke. Jakina dena da maskaradek aldaketa ugari jasan dituzte gaur egun ezagutzen ditugun maskaradetara heldu arte. Izan ere, XIX. mendeko dokumentazioa aztertuz gero, garai hartako eta gaur egungo maskaradek zerikusi handirik ez dutela ikusi daiteke, orain ezagutzen den maskarada etengabeko eboluzio baten emaitza baita.
Interes handia gordetzen duen gaia Maskaradaren fenomenoak bere konplexutasun osoan bizirik irautea da, kasualitate hutsari egotzi ezin zaion zerbait. Jean Michel Guilcher izan zen alde hau azpimarratzen lehenengoa, maskaradaren jatorrizko arrazoia edozein izanik ere, folkloristek proposatzen duten teorietatik batek ere ez baitu azaltzen ezta ziurtatzen inauteri honen jarraipena gaur egun arte azaltzen. Bestalde, teoria guztiek oinarri historikoak bilatzen dituztela eta ohituraren gaur egungo zentzua ahazten dutela ere gaineratu zuen. Maskaradek beti ere gaurkotasun zentzua gorde dutela ukaezina da, eta hau da hain zuzen ere bere biziraupena azaldu eta justifikatzen duena.
Antzezpen hauek gordetzen duten gaurkotasun zentzuari esker, gizartearen komunikazio tresna bezala funtzionatzen duela ere esan daiteke. Maskarada antolatzen duen herriak gauza asko lortzen ditu era honetara: gazteak trinkotzea, heldu eta zaharrekiko komunikazioa hobetzea eta berauen onarpena erraztea eta, beste herrietara egiten diren irteeretan, komuna ezberdinen arteko elkartruke eta ezagutza baimentzea.
Nahiz eta maskaradaren azterketa bere osotasunean oso konplexua izan, antzezpen honetan burutzen diren dantzez une batez hitz batzuk gaineratzea komenigarria da. Dantza hauek, aurrerago azaltzen den bezala, antzezpen osoaren zati bat baino ez dute osotzen.
Alde batetik, jauzi edo muxiko deituriko dantzak daude. Dantza hauek Zuberoako eta Euskal Herri kontinental osoko dantza herrikoi tradizionaltzat jo daitezke, eta baita Biarnokoak ere. Hegoaldean eredu koreografiko honen aztarna batzuk gelditzen dira, Baztango mutil dantzak adibidez. J. M. Guilcherri jarraituz, dantza hauek multzo orijinal bat osotzen dute, Europa osoko korruko dantzetan parekorik gabe, eta antzina hedatuago egon izan ziren.
Beste alde batetik, ‘Points de Principe’ edo ‘Aitzindarien Puntïak’ delakoetan oinarritutako dantzak ditugu, aurrekoak baino zailagoak eta konplexuagoak. J. M. Guilcherrek frogatu zuenez, dantza teknika hau berantiarra da Zuberoako dantzetan, antzinako Frantziako Balletaren ekarpena baita armadaren bitartez sartu zena. XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran soldaduen abilezia eta bizitasuna hobetzeko asmoz dantzen irakaspenak orokortu ziren armadaren erregimentuetan. Hau dela eta dantza maisu agertu ziren, sorterrietara bueltatzean beraien ezagutzak transmititu zituztenak
Zuberoako Maskaradan bi zati bereiz daitezke: dantzak eta gainontzeko guztia (predikuak, kantuak, antzezpenak, …)
Dantzei dagokionez bi dantza mota bereiz daitezke, alde batetik jauziak edo muxikoak daude. Hauek dira benetan Zuberoako herrialdeko berezko dantzak, dantza tradizionalak, eta ez dute Europa osoko plaza dantzekiko inolako parekorik.
Zuberoako Maskaradaren plazaratzean hiru zati bereiz daitezke: barrikadak, bralia eta ofizioak.
BARRIKADAK
Goizean zehar burutzen diren dantzak dira, herrian sartzeko erritual bat osotuz. Honela, ibilbidearen puntu ezberdinetan herriko jendeak barrikadak egiten ditu, kortejuari harrera eginez. Puntu hauetako bakoitzean kortejuak gelditu egin behar du, dantzariek banan-banan dantzatzen dutelarik. Guztiek dantzatu ostean xirulariek buhameen martxa jotzen dute, beltzeria oihu eta saltoka hasiz barrikada apurtu eta giza piloa sortzen dutelarik. Orain barrikada hautsia dela esan daiteke. Barrikada hautsi ondoren xorrotxek agur kopla batzuk kantatzen dituzte, herritarrek ongietorria ematen dietelarik, kantu edo antzezpenen bat gauzatuz, eta ardo, gaileta edo antzekoak eskainiz.
Honen ondoren kortejuarekin jarraitu egiten da, barrikada bakoitzean aurrekoa errepikatuz, herri barneraino iritsi arte.
BRALIA
Dantza hau arratsaldeko emanaldian aurkitzen da. Honetan, korru zabal bat osotzen da, mutur bietan jauna eta laboraria kokatuz. Beraien artean bandelaria sartzen da, dantzan zehar korrua gidatuko duena izanik, eta bitartean aitzindariak barneko korru bat sortzen dute. Dantza honetan herritar eta ikusleen partaidetza bilatzen da, buhame eta kauterek ikusleen artean batzuk aukeratu eta korruan sartzen baitituzte. Aipamen berezia merezi dute jauna eta laborariaren aldamenean kokatzen direnek, berauek ohorezko konbidatuak baitira.
Dantza bera hiru zatitan banatzen da, kontrapasa, ‘braletik jauztia’ eta ‘karakoltzia’. Kontrapasean denek batera jauzi edo muxiko bat dantzatzen dute eskuetatik helduta, doinu eder baten laguntzaz. ‘Braletik jauztian’ aitzindariak banan-banan pausu ezberdinak lotuz doaz, dantzariek ahalegin guztiak eginez dakizkiten pausurik zail, ikusgarri eta ederrenak lotuz. ‘Karakoltzian’ entseñariak, jaunak eta laborariak dantza pausu ezberdinak eginez bralia mugiaraziko dute mutur bietatik.
OFIZIOAK
Atal honetan gorrien dantzak eta beltzen antzezpenak ikus daitezke, pertsonaia bakoitzak maskaradan duen betebeharra agertzen duelarik. Ofizio hauek ez dira beti berdinak ezta orden berdinean burutu izan ezta burutzen ere, erreferentzia bezala hurrengo lerroetan erakusten dena hartu daitekeelarik.
Marexalak: Marexalen betebeharra zamaltzaina ferratzea da, honekin batera dantza bat egiten dutelarik.
Kerestuak: Zikiratzaileek beraien beharra betetzen dute, bitartean antzezpen eta dantza xelebre bat egiten dutelarik..
Satan dantza: Pastoraletan erakutsi ohi den dantza da, beraz, inauteriko dantza ez izan arren sarritan ikusi ohi da. Dantza hau taldeko kantiniersek burutzen dute.
Xorrotxak: Zorrotzaileen betebeharra jaunaren ezpata zorroztea da. Lana burutzen duten bitartean kantatu ere egiten dute, gehienetan Euskal Herria gai hartzen duen kopla batzuk.
Gabota: Aitzindariek burutzen duten dantza da, lerroan edo korruan egin daitekeena. Dantza honen jatorria ziurrenik Biarnon kokatu behar da.
Buhamiak: Buhamiek sermoi edo prediku luze bat botatzen dute, jendaurrean aurkezpen bat egiten dutelarik, beranduago beraien dantza xelebrea egiteko.
Godalet: Edalontziaren inguruko dantza da, Zuberoako dantzen artean ezagun eta preziatuena. Dantza honetan aitzindari guztiek egiten diote aurre edalontziari.
Kauterak: Kauteren buruzagia den ‘kabanak’ ere predikua botatzen du, bere morroiek jaunarentzako eltze bat konpontzen duten bitartean.
Guzti hauetaz gain Maskaradak zehar aurrerago aipatutako jauzi edo muxikoak ere dantzatzen dira, Ostalersa, Aitzina pika edo Moneiñak bezala.
Zuberoako Maskaradan bi talde kontrajarri nabarmendu daitezke argi eta garbi: gorriak eta beltzak.
Gorriek jantzi eta jarrera dotoreak dituzte eta orokorrean dantzari finak dira. Beltzak, aldiz, zikinak, baldarrak eta zaratatsuak dira, eta une oro bazterrak nahasten saiatzen dira.
Beraz, pertsonaia hauen artean antagonismo bat sortzen da, zibilizazio eta basakeriaren arteko antagonismoa, Maskaradaren barneko ikuspuntutik behintzat. Maskaradaren kanpoko ikuspuntutik, aldiz, hau da, herritar edo ikusleekiko harremanari dagokiona, ez da gorri eta beltzen arteko aurkakotasunik ikusten, elkar jo beharrean elkar hartzen baitute, Maskarada bat baino ez baita.
Gorrien artean taldetxo bat bereiz daiteke, aitzindariena, izenak berak dioen bezala aitzinean edo aurrean doazen dantzariak hain zuzen, guztien artean trebeenak izan ohi direnak.
Txerreroa: Makila baten puntan zaldi buztana duen tresna bat darabil, atzetik datorren kortejuari bidea zabalduz, gerrikoan lotuta dituen zintzarriak mugituz zarata handia sortuz.
Gatero, Gatia edo Gatuzain:Maskaradetan pertsonaia nahiko berria da. Jaka urdina darama eta pantografo izeneko tresna bat darabil, askotan ikusleek Maskarada era egoki baten ikus dezaten eragozten saiatuz.
Kantiniersa: Aspaldian beronen lekuan ijito emakume bat zegoen. Bonaparte printzearen eraginez ordea, XIX. mende erdialdean, pertsonai hau desagertu eta gaur egungo kantiniersaz ordezkatu zen, beronen janzkera, gainontzeko gorrien antzera Napoleonen armadako jantzien gisakoa izanik. Garai baten pertsonaia hau gizonezkoek egiten zuten, Maskaradako emakumezko pertsonaia guztien moduan, baina hau guztiz aldatu da gaur egun, emakumezkoen partaidetza gizonezkoena baino handiagoa izanik kasu gehienetan.
Zamaltzaina: Zaldi itxurako pertsonaia da, Maskaradaren pertsonaia nagusia zalantzarik gabe, ikusgarriena eta misteriotsuena. Beronen hankak erdi ezkutaturik daude, zaldi itxurako egurrezko armazoitik zintzilik dagoen jantzia dela eta, eta buruan lore, zinta eta ispiluz betetako koroa darama.
Bandelari edo Entseñaria: Beltzez jantzitako dantzaria, aitzindarietan azkena da, Zuberoako ikurra eraman eta mugitzeaz arduratzen dena, ikur gorria Zuberoako lehoiarekin.
Aitzindarien atzetik beste pertsonai batzuk datoz, kortejua osotuz:
Jauna eta anderea: Maskaradako ‘nagusia’ da, gertaera guztien garapen egokiaz arduratzen dena. Berarekin batera anderea doa, ezkongai jantziarekin. Aditu askoren ustetan, Maskarada urte berriko erritoa izateaz gainezkontza erritoa ere izan liteke.
Laborari eta laborarisa: Baserritarra eta beronen emaztea, halakoei dagozkien erara jantzita, orokorrean traje ilunez.
Marexalak: Jaka gorri eta fraka beltzez jantzita doaz, eta beraien helburua zamaltzaina ferratzea da. Dantzari onak izan ohi dira, aitzindarien mailara iritsi gabe, eta berauen kopurura aldakorra da, gehienetan kopuru bikoitia izanez, kortejuan binaka parekatuta kokatzen baitira.
Kukulleroak: Aurrekoan antzera jaka gorria daramate, oraingoan frakak zuriak izanez. Garai baten zamaltzainaren gortesauak izan ohi ziren, gaur egunera arte, haien garrantzia gutxituz joan delarik. Une luzetatik hona dantzari gazte eta apalenak izan ohi dira. Hauek ere binaka joan ohi dira.
Beltzak:
Kerestuak: Zamaltzainaren zikiratzaileak dira, eta berauen kokapenari dagokionez arazo bat planteatzen dute, ez baitago guztiz argi gorrien edo beltzen parte diren. Aditu gehienek beltzen taldean kokatzen dituzte, jarrera orokorra apain eta serio izan arren une askotan beltzek traza argiak erakusten baitituzte, jokamolde eta urratsetan.
Zirikatzaileak bi izan ohi dira: nagusia eta morroia. Panazko trajez jantzirik doaz eta makila bizkarrean daramate. Pertsonaia hauen jatorria Biarnotarra da, etabertako hizkuntzan hitz egiten dute.
Xorrotxak: Zorrotzaileak bi dira aurrekoan bezala, nagusia eta morroia. Beraien helburua Jaunaren ezpata zorroztea da, eta maskaradan zehar beti doinu berdinean abestuz doaz, aurretik edo atzetik doazen maskaradakideak kritikatuz, edo bisitatzen ari diren herriari buruzko aipamenak eginez. Beraien janzkera aurrekoen antzekoa da, panazko trajea, buruan katxutxa bat daramatelarik gainean katagorri naturalizatu batekin.
Buhameak: Ijito hauek loredun oihalez eginiko jantziekin doaz jantzita, aldean egurrezko ezpata bana daramatelarik. Berauen artean bat nabarmentzen da, guztien artean nagusi edo erregea dena.
Kauterak: Parte hartzaile zikin eta itsusienak dira. Beroki beltz luze eta lumaz apainduriko kapela beltzez doaz jantzita, aldean arbola adar eta sustraiak daramatzatelarik. Berauen artean bi dira pertsonaia nagusiak. Bata ‘kabana’ izenekoa, aurrekoan bezala besteen nagusi edo erregea dena. Besteak ‘Pitxu’ du izena, eta Maskaradako pertsonai bihurri, xelebre eta barregarriena da.
Medikuak: Duela gutxi berreskuratutako pertsonaia da, aspaldi desagertutakoa. Berauen eginkizuna Pitxu berpiztea da.
Aipatutako azken hiru pertsonai hauek zarata egin eta ikusleak zirikatzeaz arduratzen dira, beraien artean nahastuz, eta era guztietako xelebrekeri zein basakeriak eginez.
Hauetaz guztietaz gain garai baten pertsonaia gehiago agertzen ziren, denbora pasatu ahala desagertu direnak, hartza, barberua, espainiarra,kedar-garbitzailea, apezpikua, artzaina eta axuriak, notarioa edosapurrak adibidez.
Prestatzen ari gara…
Partiturak:
– Beltzen sarrera (klik hemen)
– Braletik jauztia (klik hemen)
– Buhameen dantza (klik hemen)
– Maretxalen jokoa (klik hemen)
Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.
Share On