Ekainak 29an Lekeition burutzen den dantza da hau, San Pedro eguna, arrantzaleen kofradiako patroia, kofradia honetako etxezainaren aldaketa dela eta. Dantza honen ikusgarritasuna, pausuek berez duten zailtasunean baino, zortzi pertsonen artean eusten dioten kaixaren gainean burutu ahal izateko dantzariak lortzen duen oreka erakustean datza.
Gaztedik lehen aldiz dantza hau 1956ko uztailaren 22an burutu zuen Santutxun bertako jaien ospakizunean.
Ospakizun honek aldaketa ugari jasan izan ditu denboran zehar aurretik aipatutako arazoak direla eta gehienbat. Jakina da adibidez garai baten hiru zirela dantzan agertzen ziren figuranteak. Bata San Pedro antzezten zuena, kaixa gainean prozesioan eramaten zutena, eta beste biak San Juan eta San Andres, nabigazio eta merkataritzaren zaindariak hurrenez hurren, atzeratuago jarraitzen zioten. Hirurek zeramatzaten mitra eta koroa, bizarra, elizgizon jantziak, eliza atorra eta eliza kapa. San Pedrorena egiten zuenak, giltzak ere bazeramatzan eta dantza hiru aldiz burutzen zuen: lehenengo, Kofradiako ordezkariak nagusi zirela etxezain berriaren etxe aurrean; gero, udaletxearen aurrean eta bertan eliz agintari eta agintari zibilak elkartzen ziren; azkenik, Kofradiako eraikinaren aurrean, atarian San Pedroren irudia buru zela.
Ospakizun honetan ikur erlijiosoen erabilerak, 1612. urtean eliza agintariekin arazoak eragin zituen, erabilera hau lotsagabea zela uste baitzuten. Hala ere, auzia modu onean ebatzi zen eta ospakizuna aldaketa gabe mantendu zen. 1682. urtean ordea, Calahorrako gotzainak prozesio honen ospakizuna debekatu zuen ordura arte egiten zen modura eta urte honetatik aurrera figuranteen partaidetza desagertu zen.
Dantzari taldea erabat desagertu zen, egin eta dantzatzen zutenaren inolako arrastorik utzi gabe, nahiz eta ezpata dantza motaren bat egiten zutenaren susmoa egon. Kaixaren atzetik zihoan lagun taldea ere gaur egun kofradiako ordezkariek soilik osotzen dute. Denbora pasatu ahala Kaixarranka gaur egun ezagutzen duguna gelditu arte sinplifikatu egin da.
San Pedro egunean bertan kofradiako kideek herritarren laguntzaz prozesioan San Pedroren irudia eramaten dute herriko kaian eta kaleetan barrena. Aipagarria da prozesio honetan zehar «Kilinkala» izeneko mugimendua kaiaren bazter jakin batera iristean burutzen dena. Mugimendu honetan San Pedroren irudia hiru aldiz uretara makurtzen da erritual bezala. Mugimendu honen jatorriari buruzko interpretazio ugari daude. Aditu askoren esanetan dokumentu askok mugimendua San Pedrori urte horretan arrantza oparoa eskatzeko burutzen zela ziurtatzen dute, baina beste aditu askok eta ahoz-ahoko tradizioak batez ere mugimendu hau eskari baino santuari mehatxu bezala burutzen zela esaten dute.
Prozesioaren ostean dantza burutzen da. Dantza hiru zatitan banatzen da, San Pedroren zortzikoa, fandangoa eta arin-arina. Zati hauetako bakoitzaren hasieran dantzariak kaixaren lau aldeetara erreberentziekin agurtzen du. Ondoren, lehenengo aurrera begira dantzatzen du, beranduago atzera begira eta azkenengoz aurrera begira amaitzen ditu dantza bakoitza.
Dantzari honi Kofradiaren kaixa daramatenak laguntzen diote, mahoizko prakak eta alkandoraz jantzita. Askotan kolore iluneko abarketak daramatzate baina oinutsik ere joan izan dira.
Partitura: Kaixarranka (Klik hemen)
Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.
Share On