Izen honekin biltzen den dantza multzoa, Bizkaiko bilduma folklorikorik garrantzitsuena da zalantzarik gabe, eta baita Euskal Herri osoko garrantzitsuenetakoa ere, dantza honek ederki erakusten baitu euskal herri eta kulturaren nortasun eta indarra.
Antzinatik gaur egunera arte dantza hau Durangaldeko herrietan dantzatu da, hau da,Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Zaldibar eta Mañarian. Ez da ezagutzen antzina dantza hauek eremu zabalago baten burutzen ziren ala ez. Herri guzti hauetatik gaur egun Iurreta, Berriz, Garai, Abadiño, Izurtza eta Mañaria dira jatorrizko banderak mantentzen dituzten herriak eta lehenengo laurak dira dantza hauen tradizio eta exekuzioa hoberen mantendu dutenak, usadioa gurasoengandik semeengana transmititu baita era ezin hobean, herentzia sakratua balitz bezala.
Gaztedin betidanik dantzatu izan den dantza da hau. Hasiera baten DINDIRRI dantza taldetik zuzenean bereganatu zen, hasierako urteetan talde honen esku baitzegoen Gaztediren zuzendaritza. Beranduago, 1958an Berrizko Alejandro Aldekoa Aranbururen irakaspenen ondorioz Dantzari Dantza jatorrizko erara ikasi izan zen behingoz
Dantza honen jatorria ez da ezaguna, baina argi dago mende askotan zehar dantzatu dela, horren lekuko ugari egon baitaude. Ezaguna da adibidez 1936 urtean Gerra Zibila lehertu baino lehen Berrizen zegoen dantza taldearen ikurrak 1700 urteko inskripzioa zuen eta era berean, dantza hauek gutxienez urte honetaz geroztik Berrizen bertan herriko jaietan dantzatzen dira. Badago bestalde, Humboldt-ek 1801ean idatzitako euskal ibilaldiaren egunkarian dantza honen deskribapen zehatza ere.
Garai baten herriko jaiak heldu baino bi aste lehenago gutxi gora behera bertako dantzaririk onenen arteko aukeraketa bat burutzen zen, herriko jai horietan dantzatuko zuen taldean nork parte hartuko zuen jakiteko. Honela, inguruetako 20 edo 25 bat gazteren artean 8 aukeratzen ziren, trebeenak edo dantzari finenak zirela erakusten zutenak alegia. Ohore handia zen dantzaria izatea, eskualde guztian honengatik ezaguna izanez, ‘dantzari titulua balego bezala.
Jatorrian Dantzari Dantzarekin batera gaur egun Erregelak izenarekin ezagutzen den dantza egiten zen. Dantza hau burutzeko zortzi dantzarien taldetik bi onenak aukeratzen ziren, bata aurreskularia eta bestea atzeskularia izanik. Erregelak gizonek burutzen zuten soka dantza da, garai baten herriko plazan jarritako haritz baten inguruan dantzatzen zena, hau dela eta donienatxa (done haritza) izenez ere ezaguna izanik.
Dantzari Dantza hurrengo dantzez osotuta dago:
Agintariena: Dantzariak bi lerrotan jarrita udaletxetik abiatzen dira herriko agintariekin batera, herriko plazara helduz. Ondoren, dantza honen bitartez agintariei agurra egiten zaie, beraien aurrean banan-banan ezpata jasoz eta amaieran ikurra astinduz, gainontzeko dantzariek makilak bota eta makurtzen direlarik. Jatorriz astintzen den ikurra dantzatzen den herriko ikurra da, baina gaur egun dantza taldeko ikurra edo ikurriña bera astintzen da, ikusgarritasun handiko unea izanik.
Zortzinango: Ikurra udaletxeko arduradunari eskaini ostean, dantzariek Zortzinangoa burutzen dute guztiek batera bi lerroko formazioa mantenduz.
Ezpata joko txikia: Ezpataren laguntzaz burutzen den joko edo dantza da. Aditu batzuen ustez, baliteke joko hau antzina existitzen zen beste dantza baten degenerazio baten ondorio izatea, gaur egun duen mugimendu urritasun eta laburtasunagatik.
Banango: Ezpatarik gabe burutzen da, eta dantzari guztiek Zortzinango erdia burutu ondoren banan-banan taldearen aurrean dantzatzen dute beraien trebetasun guztia erakutsiz.
Ezpata joko nagusia: Bi zatitan banantzen den dantza ikusgarria da. Lehendabizi eskasak izena hartzen duen zatia burutzen da, pausu azkar eta zailekin, ondoren ezpata jokoa egiteko.
Binangoa: Banangoaren antzekoa da, oraingoan dantzariak binaka irtengo direlarik aurrera dantza egitera.
Launango: Oraingoan dantzariak launaka konbinazio koreografiko ezberdinak osotuz dantzatzen dute, Zortzinango, Banango edo Binangoan egiten den era berean.
Makil joko edo makil dantza: Dantzariek makilak hartzen dituzte eta dantza ikusgarri hau burutzen dute, ezpata joko nagusiaren antzekoa dena, hau ere eskasak izeneko lehen zati bat eta makil jokoa baititu.
Txotxongilo edo Txakarrenkua: Dantzari Dantzaren azken dantza da, bertan pausu eta mugimendu ezberdinak osotu ondoren lehenengo dantzaria airean altxatu egiten da gainontzekoek dantzatzen duten bitartean, beranduago jaisteko. Aipatu beharra dago, dantza hau ez dela Dantzari Dantzako jatorrizko dantza, nahiz eta gaur egun guztiz integratuta egon, Iurretan asmatu edo sortutako dantza baita, eta Berriz edo Garai bezalako herrietan XX. mendearen hasieran sartu zena, herri hauetan ez dutelarik dantza hau dantzari dantzaren barneko dantza jatortzat hartzen. Aditu batzuen ustez, Txotxongilo edo Txakarrenkuaren jatorriaren atzean gertaera historiko bat legoke, izan ere, XV mendean Berrizen tirano bat existitzen zen, Iurretako herriak erail zuena. Beraz dantza hau Iurretako herrian sortu zen gertaera honen oroimenez.
Humboldtek 1801ean esan zuen bezala, beste zenbait testigantza bildu izan dira, Gipuzkoako Brokel Dantzaren antzeko dantza bat egon omen zela azaltzen dutenak. Bestalde, platillu soiñua izeneko doinu zaharra ere ezagutzen da. Hala ere, ezin izan da aurreko bien arteko loturarik aurkitu, eta are gutxiago dantza galdu hori berregin.
Dantzari Dantzan dantzariek erabiltzen duten jantzia alkandora eta praka zuria, gerriko eta txapela gorria, txaleko beltza, zapa edo zintzarriak hanketan eta zinta gorridun abarketa zuriak dira. Hauetaz gain, argi dagoenez, ezpatak eta makilak ere erabiltzen dituzte. Patroiaren egunaren bezperan, Donienatxa altxatzen dutenean, Dantzari Dantza kalez jantzita dantzatzen dute, txapela, gerriko eta zinta gorridun abarketak daramatzatelarik.
Prestatzen ari gara…
Partiturak: Dantzari Dantza (klik hemen)
Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.
Share On