Jose Antonio Goiria “Aita Txanton” Karmeldarraren eta gazte euskaltzale talde baten ekimenaren fruitu gisa, eta “DINDIRRI” taldearen laguntza teknikoaz, “TALDE GAZTE” izena zuen euskal dantza taldea sortu zen Bilboko Santutxu auzoan 1951. urtean, gerora “GAZTEDI DANTZARI TALDEA” izena hartu zuena.
Gerra ondoko momentu zail horietatik gaur egun arte, GAZTEDIK berezkoak dituen jarduerak burutuz egin du aurrera eta, horrela, egun Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetatik zaharrena izatea lortu du. Izan ere, GAZTEDI euskal folklorearen bilketa, transmisio, hedapen eta ikerketaren historian beharrezko erreferentzia puntu bilakatu baita, Bilbo mailan ez ezik, inguruko geografian ere bai (Espainiako erkidego ezberdinak, Frantzia, Portugal, Txekiar Errepublika, Italia, Errumania … ).
Ibilbide luze horretan, modu ezberdinetan lortu du bere funtzioa betetzea; orain arte ikasitakoak datozen belaunaldiei irakatsiz, ekitaldi eta dantza ikuskizunak eskainiz, ekimen handietan parte hartuz … betiere autogestioan oinarrituta.
GAZTEDIREN egitekoa 120 haur ingururi zuzendutako euskal dantza ikastaroekin osatzen da, haiek baitira biharko GAZTEDI osatuko dutenak. Taldearen etorkizunean, bestalde, helduei zuzendutako ikastaroak ere eskaintzen ditugu, auzoan euskal dantza, folklore eta tradizioa zabaltzeko helburuz.
Ohiko ekitaldiak:
Urtea luzea izanik, badira Gaztedik urtez urte errepikatzen dituen ekitaldi jakin batzuk, hala nola: Santutxuko Inauteriak, San Juan Gaua, Santutxuko Jaiak, Bilboko Aste Nagusia, Bizkaiko Dantzari Eguna, Euskal Herriko Dantzari Eguna, Olentzero, eta urtean zehar Bilboko udaletxeak antolatutako Bilbo Dantzan programako ekitaldiak.
Horiek horrela, laburbilduz, esan dezakegu GAZTEDI dantza talde hutsa baino gehiago dela. Izan ere, Gaztedi Dantzari Taldea euskal kulturaren parte da, euskal dantza esparru ezberdin ugaritan zabaltzen baitihardu: auzo zein hiri mailako jai eta ekimenetan, kanpoko folklore taldeekiko elkartrukeetan, nazioarteko folklore jaialdietan …
Hori guztia da Gaztedi, euskal kultura eta tradizioaren erakusle eta ordezkari.