2017ko ekainaren 10ean, “Herri Oboeak” ekimena izango da Bilbon, jada errotua dagoen VII. Larrain Dantza Topaketarekin batera. 2006 eta 2007. urteetan edizio bana antolatu zuen Gaztedi Dantzari Taldeak eta, aurtengoan, Herri Oboeak-en III. edizioa abian jarri nahi izan dugu.
Gaitero gazteen presentzia eskasa dela eta, Euskal Herriko bazter ezberdinetako gaiteroak bilduko dira Bilboko kaleetan, egun osoan zehar ekintza ezberdinak burutzeko.
Hala, Herri Oboeak hitzordua aprobetxatuta, Mairuek Erraldoien Konpartsak lekukoa emango dio Gaztediri, Mairuek Gaztediko Erraldoien sorrera irudikatuta.
Ekainaren 10ean, beraz, musikaz argituko du egunak Santutxun, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon, Zazpikaleetan eta Abandon, eta 12:00etan Atxuriko Gizakunde Plazan erraldoien lekuko aldaketa egingo dugu, erraldoi eraberrituak ikusteko aukera eskainita.
Lekuko aldaketaren ekitaldia bukatutakoan, Zazpikaleetan barrena abiatuko da kalejira, gaitero talde ezberdinek eta Mairuek Gaztediko Erraldoiek girotuta.
Arratsaldean, ostera, gaiteroen erakustaldia egingo da 18:00etan Santiago Plazan eta talde bakoitzak 10 minutuko emanaldia eskainiko du. Ondoren, 19:30 inguruan, Areatzarako bidea hartuko dugu, bertan leku egingo baitiote gaiteroek VII. Larrain Dantza Topaketari.
Share On