Gaztedi Dantzari Taldea Bilboko Santutxu auzoan dago. 1951 urtean sortua, belaunaldiz belaunaldi euskal dantza eta musika hedatuz utzi du atzean mende erdia, eta mende osoaren bila doa. Hala, egun Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetatik zaharrena izatea lortu du.
Gaur egun, 35 bat dantzari eta musikari biltzen ditu, baita adin ezberdinetako ehunetik gora haur ere. Helduentzako ikastaroak ere eskaintzen ditugu, auzoan euskal dantza, folklore eta tradizioarekiko grina zabaltzeko helburuz.
Euskal Herriko herrialde guztietako dantzak egiten ditugu, eta urtez urte dantza-sorta berritzen eta zabaltzen saiatzen gara, aberasten, euskal dantzaren irudi ahalik eta osoena erakutsi ahal izateko Euskal Herrian bertan zein hemendik kanpo.