Gaztedi Dantzari Taldea 1951. urtean sortu zen Karmeloko elizaren inguruan, Aita Txanton Goiria karmeldarraren erantzukizunpean; haren sen euskaltzale eta egonezinari zor zaio taldearen eraketa eta izatea bera. Lan hori aurrera eraman ahal izateko, DINDIRRI dantza talde mitikoaren laguntza teknikoa izan zuen, eta haren zuzendaritza artistiko eta teknikoaz baliatu zen pertsonak bilatzeko. Aita Txantonen beraren esanetan, DINDIRRI zen sasoi hartan “Bizkaiko ispilua munduan” eta, praktikan, Bizkaiko dantza talde antolatu bakarra.
Taldearen lehenengo agerraldia Zornotzan izan zen 1951eko irailaren 26an “Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña” izenpean. Ekitaldi hartan, hala ere, mutilek soilik dantzatu zuten eta 1952ko ekainera arte itxaron behar izan zen nesken lehendabiziko agerpenerako. Azken hori Urduñan izan zen, Antiguako Santutegian.
Taldea itxura hartzen zihoan heinean, bere ezaugarriak finkatzen hasi ziren. Horrela, 1953an TALDE GAZTE izena hartu zuen, Karmeloko Gazteriarekiko harremanaren isla; azken horren menpean sortu eta garatu baitzen taldea. Urte hartan sortu zen, baita, gaur egungo ereserkia, Aita Emiliano de Barandiaranen musika eta Aita Txanton Goiriaren beraren letrak elkartuta. Ereserkia TXISTULARI aldizkariaren 45. alean argitaratu zen beranduago, GAZTEDI izenaz.
Sarritan, Francoren erregimenak ezarritako bideetatik kanpo ibiltzeak arazo ugari ekarri zizkion taldeari, 1955ean Aita Txanton Goiriak Karmeloko Gazteriaren estatutuak legeztatzea lortu zuen arte. Estatutuok bere jarduera aurrera eramateko beharrezko babesa ekarri zion dantza taldeari, baita beste zenbait talderi ere, antzerki taldeari adibidez. Horrela, TALDE GAZTE zena GAZTEDI izatera pasa zen eta, izen aldaketaren ondorioz, ereserkiaren letra eta banderaren izen brodatua aldatu behar izan ziren, nahiz eta 1954 urteko data mantendu.
Ordurako hasia zen lan gogorra. DINDIRRI taldetik zetorren Txomin Unzaluk GAZTEDIREN zuzendaritza teknikoa hartu zuenez geroztik ez zen atsedenerako astirik izan, dantza zein musikak ikasteari eta jantziak zein itxura prestatzeari ekin baitzioten tinko.
GAZTEDIK erronka gogorrari egin zion aurre; ez zen nahikoa gure folklorearen alorreko ezagutzak zabaltzea, eta euskal kulturaren beste zenbait alor ere garatzeko ardura hartu zuen, aurrekoak bezain ezagunak izan ez arren. Jakina da garai hartan baliabide eskasak zirela, hortaz, beharrezkoa zen herrialdeko puntu ezberdinetara bertaratzea dantzak ikusi eta entzunez ikasi ahal izateko. Bide horretan, adibidez, Luzaide, Lesaka zein Otsagiko dantzak edota Larrain Dantza ikasi ahal izan ziren, azken hori Iruñeko DUGUNA taldearen eskutik. Berehala erakutsi ahal izan zituen Gaztedik dantza horiek dantza emanaldietan. Era berean, Iparraldeko lehenengo ekitaldiekin batera, hango dantza eta musikak ikasteko abagunea ere izan zuten. Dantza bakoitza sorlekuan bertan ikasteko hainbat lekutara bidaiatzeaz gain, dantzok hobetzeko ere balio izan zien bidaiatzeak orduko taldekideei. Horrela, Berrizen izan den GAZTEDI, Alejandro Aldekoa Aranburu maisuaren eskutik Dantzari Dantzaren gaineko lezioak jasotzeko, nahiz eta dantza hori taldearen errepertorioan hasieratik egon.
Hala eta guztiz ere, lana ez zen soilik dantzetan egin, musikaren arloan ere lan gogor eta garrantzitsua egin baiten; hala erakusten du 1959 urtean sortutako lehen txistulari bandak.
Horiek horrela, taldearen lan gogorrari esker maila ona lortu ondoren, ikuskizun handi eta askotarikoak sortzen hasi zen taldea, lan koreografiko propioak noizbehinka ere sartuz. Ikuskizun horiek herrietako plazetan ez ezik, antzezleku itxietan ere eskaini zituzten. 1960 urtean Arriaga antzokian dantzatu zen lehen aldiz; gerora Eusko Ederti izenaz ezagun izango ziren ekitaldiei hasiera emanez. Halaber, mugetatik harago gure folklorea ezagutzera emateko ahaleginean, Euskal Herritik kanpo burututako ekitaldiak ere aipatzekoak dira; Segovian 1960 urtean egindakoa, adibidez.
Urrezko garai batez hitz egitea handigurakoa iruditu arren, izatekotan 60ko hamarkada litzateke, azken urteak kenduta eta aurreko hamarkadako azken urteekin batera, garai hau baita taldeak kalitate artistiko eta mirespen handiena lortu zuen garaia.
Dantzen eta ekitaldien kalitatea dira garai honetako ezaugarri nagusiak.
Garai horretan ekitaldi ugari eskaini ziren, zenbatzeko ere zailak; hainbat lekutan eta hainbat arrazoiri erantzunez dantzatzen zen. Euskal Herriko bazter guztietako plazetan dantzatzeaz gain, antzokietan burutzen ziren ikuskizunak ere oso garrantzitsuak izan ziren, garai hartako beste hainbat ikuskizunekin lehiatzera helduta. Ikuskizunok “Eusko Ederti” izenaz ezagutzen hasi ziren 1960tik aurrera eta Arriaga antzokian burutzen ziren gehienetan. Nabarmentzekoa da 1964an egindakoa, bereziki, bertan aurkeztu baitzen Gaztedik berreskuratutako Oriako “Sorgin Dantza”, ordurako desagertuta zegoena. Ekitaldi hartan, beranduago GAZTEDIREN armarria izango zen anagrama diseinatu ere egin zen.
Aipatzekoak dira, bestalde, sasoi hartan ekitaldi ugari egiten zituela taldeak Donibane Lohitzunen, urte batean bost ekitaldi ezberdin ere. Ekitaldirik garrantzitsuenak “Festival des Sept Provinces” delakoaren barruan sartzen ziren, eta GAZTEDIK izan zuen urte askoan Bizkaiaren ordezkari izateko ohorea.
Era berean, Euskal Herritik kanpo ere ekitaldiak izan zituen eta, horri esker, nazioarte mailan ospe eta izen ona lortu zituen. Aipatzekoak dira, batez ere, 1963an Normandiatik egindako bira, Parisen 1964an egindako ekitaldia eta 1965ean Oviedoko VII. Nazioarteko Folklore Jaialdian izandako parte-hartzea.
Garai hartakoak dira gaur egun hain arraroak diren dantza txapelketak, zeintzuetan GAZTEDIK parte-hartze eta garaipen nabarmenak izan zituen, Deustu edo Erandiokoan besteak beste (5 aldiz Erandion eta birritan Deustun).
Hala eta guztiz ere, eta ospea han-hemendik jaso arren, lan gogorraren beharrak indarrean jarraitzen zuen; hain izan zen lan emankorra, non Gaztediko hainbat dantzarik beste dantza talde batzuen jaiotza ekarriko zituzten haziak landatu zituzten. Horrela sortu ziren Basauriko INDARTSU, Galdakaoko ANDRA MARI, Bilboko DANOK ALAI eta, beranduago, Eubako LAGUNDI, Bilboko URDURI, Zornotzako UDABARRI edo Bilboko GORANTZA taldeak. Gainera, kulturaren beste alor batzuetan ere jardun zuen GAZTEDIK; SANTUTXUKO EUSKAL ESKOLA sortzen, esate baterako.
Hirurogeiko hamarkadaren amaierarekin batera une larriak heldu ziren taldera, izan ere, 70ko hamarkadaren hasieran taldeak lehenengo krisialdia ezagutu baitzuen. Partaide asko taldea utziz joan ziren, baina ez zen jende gaztea agertzen eta, ondorioz, taldea ahulduz joan zen. Hasiera baten, taldean jarraitzen saiatu ziren beterano gogotsu asko, ahal zen neurrian laguntzeko asmoz, baina ezinbestekoa zen belaunaldi aldaketa.
Garai hartan, larria eta zaila zen Euskal Herriko egoera politiko eta soziala. Gogoratu beharra dago garai hartan izan zirela E.T.A.ren lehen ekintza armatuak, Txabi Etxebarrietaren heriotza, lehenengo salbuespen egoerak … eta horrek guztiak tirabirak sortu zituen taldearen baitan, gazteenen eta nagusienen artean batez ere, taldearen ekitaldiak burutzeko moduaren inguruan gehien bat. Egoera sozial orokorrago baten isla baino ez zen GAZTEDI orduan, beste talde kultural eta sozialek nabaritu zuten egoera beraren isla hain zuzen.
Une latzak izan ziren taldearentzat, zalantzari gabe. Horren adierazgarri garbia da GORANTZA (Sabin Egigurenek, Gaztediko dantzaria zela, sortutako taldea eta egungo BIZKAI Euskal Folklore Elkartearen lehen hazia) eta GAZTEDI taldeak batu egin zirela 1970 urtean, biek bizi zuten egoera zailari aurre egiteko esperantzaz. Elkarketa hark talde bien iraupen duina ahalbidetu zuen denbora batez, baina denboraren poderioz, bizirauteko bide hark porrot egin eta bakoitzak bere bidean jarraitu zuen.
Handik aurrera, taldea berriz indartu zen; taldearen barne-giroa suspertzeari ekin zioten, dantza berriak ikasiz eta programa hobetuz, aipatutako krisialdia atzean utzita.
Aldaketa horretan, uste denaren kontra, erreforma politikoaren hasiera izan zen Gaztediri, beste hainbat talderi bezala, giro eta bizi berriak ekarri zizkiona. Talde askorentzat krisialdi garaia izan zen hura, ordutik aurrera kezka politiko eta abertzaleak kaleratzeko bide ezberdinak izango baitziren aukeran, ordura arte dantza taldeek betetzen zituztenak.
Esan bezala, trantsizioaren urteak garai oso onak izan ziren Gaztedirentzat; dantzak Euskal Herria goraipatzeko sinbolo gisa balio baitzuen, are gehiago ikurrinaren garrantzia gehitzen badiogu. Garai hartan, ekitaldi asko eskaini ziren, jai herrikoien berreskuratzearen ondorio gisa batez ere. Honek guztiari esker, aurretik aipatutako krisialdia 80ko hamarkadaren hasierara arte atzeratzea lortu zen.
Bigarren belaunaldi honen garaiari dagokionean, aipagarria da Gaztedik EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRAREKIN batera burututako lana, indarberrituta berpiztu baitzen Euskal Dantzarien Elkartea, eta lehen Dantzari Egun gogoangarria antolatu zuen Iruñean 1978 urtean. Urte berean desagertu zen Karmeloko Gazteria, talde biak gero eta aldenduago egonik. 1971n autonomia hitzarmena lortu zuen GAZTEDIK Gazteriaren egituraren baitan, eta esan daiteke ordutik aurrera taldearen funtzionamenduak Gazteriaren funtzionamendutik aparte jarraitu zuela.
Aipatutako guztia gorabehera, nabarmentzekoa da GAZTEDIK partaidetza esanguratsua izan zuela Santutxuko bizitza kulturalean eta, bide horretan, zenbait ekarpen adierazgarri egin zituena auzoaren urratsei segika: jai eta inauteri herrikoiak berreskuratzea, Santutxuko kulturaren astea sortzea, SANTUTXU aldizkaria argitaratzea, dantza ikastaro herrikoien sorrera, SAMA-SIKU konpartsaren eraketa (beranduago fanfarrea bilakatu zena), lehenengo KORRIKAN parte hartzea ….
1980tik aurrera taldeak ahalegin handiak egin zituen maila altuan jarraitzeko eta izen ona mantentzea lortu arren, ekitaldirik agertzen ez zenez, taldekideak apurka-apurka desanimatuz joan ziren. Egia esan, garai horretan ez dantzak ez dantzariak ez zuten aurreko urteetan besteko mirespenik.
Dena den, aurrera jarraitu beharra zegoen, eta taldeak beste alderdi batzuetan presentzia handitzea lortu zen, alderdi musikalean adibidez. Gaztedin trikitixa, Bizkaiko dultzaina, alboka, Nafarroako gaita edo txalaparta sartu ziren, eta horrela sortu zen GAZTEDIREN musika talde goraipatua. Hala, auzoko bizitza animatzeaz arduratu zen musika talde hau sarritan, gaita edo trikitixaz. Horretaz gain, Euskal Herri osoko musika tresna herrikoien jaialdi eta erakusketa askotan parte hartu zuen GAZTEDIK, EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRAK antolatutako Santiago plazako erromeriatan ematen ziren ekitaldiak ahaztu gabe.
Krisialdia, aldiz, ate joka zetorren. Dantzariek taldetik alde egiten zuten, eta taldeko zuzendaritzan ez zen konponbide egonkorrik topatzen. Kontuan hartu beharra dago zenbait talde ospetsu desagertu egin zirela, DINDIRRI, adibidez, 1982an desagertu zen. Testuinguru horretan, taldea mutilik gabe gelditu zen 1985ean. Ez dira inoiz nahikoak izango orduko nesken taldeari eman beharreko eskerrak; entseguekin aurrera jarraitu zuten, ekitaldiak osotuz eta dantzari txikien taldeak eramanez. Beraiei eta gazteen monitoreei esker egin ahal izan zuen aurrera GAZTEDIK, eta gaur egunera arte bizirik iraun.
Berpiztearen lehenengo aztarnak 1986 urtean antzeman ziren, 35. urteurrenaren ospakizunetan, etorkizunerako itxaropenek adorea ekarri ondoren. 1987 urtean, nesken taldean belaunaldi berria sortzearekin batera, mutilen taldea lanean hasi zen berriro. GAZTEDIREN oin eta abarketak berriz ere dantzari hasi ziren jendaurrean. Une hartatik aurrera, astiro baina gogotsu, taldeak kalea eta eskenatokiak berreskuratu zituen eta jendaurrean berriz agertzen hasi zen, biziberri eta indarberrituta.
GAZTEDI berriro loratzen ikusteko aukera izan zen hura; orduan itzultzen hasi baitziren taldeko beteranoak, gazteenekin batera lanean jarduteko, bien gogo eta ekimenak uztartuta beste garai batzuk gogoraraziz. Belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana izan zen, hain zuzen, Gaztediren berpiztearen gakoa. Nagusiek zein gazteek batera egin zuten aurrera, Gaztedik aurrera jarraitzeko.
Hurrengo urteetan, bata bestearen atzetik etorri ziren ekitaldiak, eta gazte haiek aukera izan zuten gure kultura-ondarea erakusteko zuten gogoa erakusteko. Guztien artean burututako ekimenen artean aipagarriena, beharbada, Luzaideko inauteriaren erakusketa izan zen; 1990ean, Bilboko Inauterietan, “Kabalkada” handi eta jendetsu fidagarria osotuta. Ekitaldi hori 1991 urtean errepikatu zen berriro.
Garai hura 1991 urtean amaitu zen, 40. urteurrenaren ospakizunarekin. Bertan ekitaldi ugari prestatu ziren eta, puntu goren gisa, amaierako ekitaldi nagusia aurkeztu zen Santutxuko Berrio-Otxoako polikiroldegian, belaunaldi guztietako dantzarien partaidetzaz baliatuta.
Aurreko urteetan ezagututako arrakastak ikusita, ideia berria lantzen hasi zen taldea: posible izango ote litzateke jatorrizko lurraldeetan egiten bezalaxe Zuberoako Maskarada egitea? Ideia hori oinarri hartuta, gogor ekin zioten lanari bi urtez, dantzari eta pertsonaiak prestatzen eta jantziak egiten. Azkenik, Zuberoako Maskarada osoa plazaratzea lortu zuten 1994 urtean. Lehenengo erakustaldia Santutxun burutu zen urtarrilaren 16 euritsu batean. Emanaldiak arrakasta handia izan zuela ikusita, Euskal Herriko hainbat lekutara eraman zuten, eta Baionan eman zuten bira bukatutzat 1994ko martxoan. Maskarada haren bertsio oso zein murriztuak kaleratu izan dira urte luzez, eta eskenatokietara egokitutako bertsio bat ere eskaini zen Bilboko 1994ko Aste Nagusian lehen aldiz.
Aipagarria da urte horietan TXARANGA GAZTEDI jendetsua sortu zela; ekitaldi ugaritan parte hartu zuen taldeak, erromeria eta jai herrikoi askotan. Eremu bi horietan burututako lanaz gain, dantza ekitaldiak ere bata bestearen atzetik agertuz zihoazen, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.
Horrela, 1997 urtera heldu zen taldea; GAZTEDIREN urterik bidaiatsuena. Urte hartan Cartaxon (Portugal) dantzatu zuen taldeak, bertako talde batekin egindako elkartruke baten fruitu gisa, baita Errumanian ere, bertako Nazioarteko Folklore Jaialdian. Urte hartan zehar, eta batez ere bidaia horien ondoren, belaunaldi aldaketa errealitate bilakatu zen; jende gaztea sartu zen taldean, nahiz eta beterano askok taldean jarraitu (bai aktiboki, bai laguntza osagarri eta baliotsua emanez).
Lan gogorra izan da beti taldearen izaeraren parte, eta hala izan zen urte horietan ere. Horrela, ekitaldiz ekitaldi heldu ziren 2000 urtera. GAZTEDIK eta EUSKERIA ABESBATZAK elkarren arteko proiektu interesgarria burutu zen urte hartan; Euskal Herriko leku ezberdinetako kantu eta dantzak nahasten ziren ikuskizun hari “EUSKAL HERRIA, abesten eta dantzatzen duen herria” izena eman zitzaion. Urte horretako Bilboko inauterietan erakutsi zen lehenengoz, eta beranduago Santutxu, Dima eta Etxebarrin aurkeztu zen.
2000 urte hartan bertan, GAZTEDIK Bilboko 700. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu zuen Bizkaiko beste 6 dantza talderekin batera, gaur egungo BIZKAI Elkartearen zuzendari den Sabin Egigurenek gonbidatuta.
Eta, azkenik, 2001 urtea heldu zen, GAZTEDIK 50 urte bete zituen urtea, hain zuzen. Urteurrenaren harira, GAZTEDIK ikuskizun ezberdinak aurkeztu zituen Bilboko antzokirik onenetan; Euskalduna Jauregian “ZAZPIAK BAT BESARKA” ikuskizuna eskaini zuen, zazpi herrialdeetako dantza taldeen partaidetzarekin, eta Arriaga Antzokian “EUSKO EDERTI, belaunaldiz belaunaldi” ikuskizuna, GAZTEDIKO belaunaldi guztietako dantzari eta musikarien partaidetzarekin.
Mende erdiaren aitortza gisa, Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsek omenaldia egin zioten taldeari eta GAZTEDI Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izendatu zuten. Urte berean, gainera, KORRIKA 12n lekukoa eramateko ohorea izan zuen berriz ere.
2001 urtean, GAZTEDIN egon den edozeinek bizi izandako momentu gogoangarriaren ondoren, berri txarra ekarri zion 2002ak taldeari. Betidanik GAZTEDIREN egoitza izandako Karmelo elizaren ondoko eraikina Bilboko Udaletxeari eman zioten Karmeldarrek. Beranduago, Bilboko Udalak beranduago eraikina Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion, beraien esanetan, bertan Alzheimeren gaitzak jotako pertsonentzako Eguneko Egoitza bat eraikitzeko.
Zentroa eraikitzeko obrak ez ziren lokala hustu eta urtebete beranduagora arte hasi. Tamalez, usterik handiena da SORGINTXULO Gaztetxean zebiltzan gazteak kanporatzea izan zela Karmeldarren asmo nagusia, horien jarduerek euren kontroletik alde egiten zuelako. Santutxuko auzoko bizilagun eta kultur erakunde asko erabaki honen aurka mobilizatu ziren, baina ez zen desalojoa gelditzerik lortu.
Zailtasunak zailtasun, GAZTEDIK lokalik gabe gelditzea saihestu ahal izan zuen; Udaletxearekin negoziazio luzeen ondoren, lokal berri batzuen lagatze-hitzarmen bat sinatzea lortu baitzuen, taldearen aktibitatea garatu ahal izateko. 2004ko urrian burutu zen lokal berrira lekualdatzea.
Aipatutako arazoa alde batera utzita, GAZTEDIK ez zuen inoiz bere jarduera eten eta ekitaldiekin zein haurren ikastaroekin aurrera jarraitu zuen, umeek landuko baitute taldearen etorkizuna. Ekitaldi aipagarrienen artean, Baigorriko ARROLA dantza taldeari bueltatutako bisita azpimarratu beharko litzateke, beraien 60. urteurrenaren ospakizunetan. 2003 urtean, ideia berria garatzen hasi zen GAZTEDI, BILBOKO GAITEROAK eta MAIRUEK erraldoien konpartsaren artean, 2004 urteko uztailan herri oboeen agerraldi bat presatzeko, “HERRI OBOEAK. NAZIOARTEKO I. JAILADIA” izenekoa. Lehenengo urte hartan, Kataluniako Vilanova i la Geltrú herriko dantza taldearekin elkartruke bat burutu zen. Jaialdiak onarpen ona izanik, hurrengo urtean berriz ere burutu zen, orduko hartan Errioxako Villamediana de Ireguako talde batekin.
Bestalde, GAZTEDIK Valladolideko jaietan parte hartu zuen 2003ko irailean, baita CAMPO DE MONTIEL Folklore Jaialdian ere, Villanueva de los Infantes herrian (Ciudad Real) 2004eko irailean. Aipagarria da, gainera, 2005ean Galiziara egindako bidaia eta, horrek ekarrita, Galiziako Telebistako “Luar” programan agertzea.
Urtebete geroago, Urdiñarbeko lagunak jaso genituen Santutxuko Jaietan, eta maskaradaren zenbait pasarte eskaini zizkiguten, goizean barrikadak, eta arratsaldean hainbat ofizio; beti bezala, ohiko duten bikaintasunez.
Erronka berria sortu zen urte berean (2006); izan ere, GAZTEDIREN 55. urteurrenaren ospakizunaren harira, 55etik gora bikote bilduko zituen kabalkada handia antolatu zuen taldeak; Santutxun lehendabizi, eta Zazpikaleetan ondoren. Urte osoan zehar, gainera, zenbait proiektu interesgarri burutu ziren, betiere, Gaztediren iragana, oraina eta etorkizuna dantzaren bidez uztartuta.
Horrela, dantzan, heldu zen Gaztedi Salamancaraino, Guijuelo herriraino hain zuzen. 2007. urtean bertan izan ginen euskal folklorea lau haizetara zabaltzeko prest; eta bueltan izan genituen gurean, auzoko jaietan.
Ekitaldiak eta bidaiak bata bestearen atzetik zetozkigun, eta Gaztedik dantzan jarraitzen zuen han eta hemen, harik eta 2010. urtean Galiziara itzuli ginen arte, Rebulir jaialdian parte hartzera. Ramirás eskualdeko lagunak ere bueltan etorri zitzaizkigun hurrengo urteko Santutxuko Jaietan.
2010. urtean ere izan genuen beste ikuskizun gogoangarri bat, hain begiko dugun Euskeria Abesbatzarekin. Han eta hemen izan ginen dantza eta kantuz geure-geurea den kultura eta tradizioa eskaintzen.
Berehala heldu zitzaigun 60. Urteurrena. Ekimen ugari antolatu ziren, asko eta askotarikoak: erakusketa, Master Class-ak… Haurrek ere izan zuten euren ikuskizun berezi eta bikaina: “Mirentriska” izeneko dantza-antzerkia, alegia. Berriotxoa ikastetxeko kiroldegian egin zuten antzezpena, eta Gaztediko ehundik gora haurrek parte hartu zuten.
Hitzordu garrantzitsu haren harira, gainera, Korrikan lekukoa hartu genuen Santutxun, eta Bilboko Kalealdia antzerki eta kaleko arteen Jaialdian anfitrioi izateko gonbitea jaso genuen. Pozarren ekin genion Kalealdiaren inaugurazio-ekitaldia antolatzeari, eta buru-belarri aritu ginen horretan Gaztediko belaunaldi guztietako dantzari zein musikariak. Antzezle talde bikainaren laguntzaz, iraganera bueltatuta, tour-a egin genuen Zazpikaleetan barrena, Euskal Herri osoko dantzez gozatzeko aukera eskainiz. Dantza, musika eta antzerkia uztartzen zituen ekimen berezi hari amaiera bikaina emateko, Bilboko 1. Larraindantza Topaketa antolatu genuen, gaur egunera arte jarraipena izango zuena.
Kalealdian hasitako udak atseginez egin zuen aurrera. Geure esku hartu genuen Santutxuko Jaietako hasiera-bazkaria, Sagardotegi ibiltari ederra antolatuta. Aurrerago ere, bidaia batez esan genion zorionak Gaztediri, eta Pragako Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartu genuen, autobusez egindako bidean Monako, Viena, Budapest eta Venezia bisitatu genituelarik.
Ekitaldiz ekitaldi, bidaiaz bidaia eta ekimenez ekimen, urteurrena ere bere azkenetara iritsi zen eta, ohikoa denez, Arriaga Antzokian ospatu zuten Gazteditik igarotako belaunaldi guztiek “Eusko Ederti” jaialdia.
60. urteurrena igarota neska-mutil gaztetxo gehiago igaro ziren ordura arteko “nagusien” taldera eta, konturatu orduko, bagenuen beste ikuskizun bat ate joka; 2013ko Bilboko Aratusteetako ekitaldia, bi urterik behin ohi denez.
Inauteriz inauteri, gogora etorri zitzaigun handik gutxira beste inauteria garrantzitsu eta ikusgarri baten urtemuga izango genuela eta, iIdeia hari bueltaka, 1994ko Gaztediren Maskarada oroitu eta omentzeko erabakia hartu genuen. Esan eta egin: lanean hasi ginen, dantzak ikasi, hobetu eta perfekzionatzeari ekin genion buru-belarri, baita dokumentatzeari ere… Harik eta 2014ko otsailean Maskarada osoa ateratzeko gai izan ginen arte; aurreko belaunaldien laguntza, babes eta parte-hartzeaz baliatuta, jakina.
Santutxun eskaini genuen lehendabizi Maskarada, eta Bilbon ondoren, beste hainbat herritatik ere deitu gintuzten. Hala, han eta hemen egin genituen Maskaradak urte luze iraungo zuen joan-etorrian: Zamudio, Arantzazu, Dima, Arantzazu, Durango, Donostia, Baiona… Umeek ere izan zuten euren maskarada propioa Santutxuko Inauterietan, ezin zuen bestela izan.
Maskarada emanaldi guztien artean, bada nabarmendu eta azpimarratzeko moduko bat; guretzat guztiontzat, berezia izateaz gain, hunkigarria eta harrotasun-arrazoia ere izan zena: Zalgiztarrek eurenera joateko gonbitea luzatu ziguten. Halaxe, mugarri berria ezarri zuen gonbite hark Gaztediren historian. Beti eskertuko diegu Zalgize eta Iruriko lagunei euren herrian Maskarada egiteko aukera eskaini izana eta, era berean, baita Iparraldean Maskarada egiten duen Hegoaldeko lehendabiziko taldea izateko ohorea ere.
Maskaradez gain, hainbat eta hainbat ekitaldi eskaini ditu Gaztedik azken urteotan, gurean zein geure mugetatik harago: Baionako Festetan izan ginen 2014. urtean; Riminiko Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartu genuen 2015ean (Italia); Rebulir Nazioarteko Folklore Jaialdira itzuli ginen 2015eko abenduan (Ramirás, Ourense), jaialdia inauguratu eta Kepa Junkerarekin batera dantzatzeko; 19. Korrikari ongietorria eman genion Arriagan 2015ean; Bilboko Udal Txistu Bandarekin kolaboratu genuen Euskaldunan 2017ko otsailean; Beasaingo Dantza Topaketan 2017ko ekainean…
Urteotan, ordea, dena ez da dantza izan, eta dantzatik harago dauden zenbait ekimen ere sortu eta plazaratu ditu Gaztedik. Alde batetik, Gaztediren sorrerari lotutako proiektu berezia sortzeko gogoa ernamuindu zen Gaztediko zenbait kideren artean eta, ikerketa lan sakona egin ondoren, “Dantza baten lehen urratsak” dokumentala aurkeztu zuten 2014ko otsailaren 14an. Bestalde, gaita eta erraldoiekiko zaletasuna uztartuta, Mairuek Erraldoi konpartsaren herentzia jasota, Mairuek Gaztediko Erraldoiak sortu eta Herri Oboeak ekimena berreskuratu genuen 2017ko ekainean.
Ezin atal bati amaiera eman haren ekuadorrean izandako gertakari garrantzitsua nabarmendu gabe. Ezinbestekoa dugu, hortaz, Gaztedi Dantzari Taldearen 65. Urteurrena aipatzea. Urteurrenaren ekitaldi nagusia, “Zapiak bat” izenekoa, ekainaren 25ean egin genuen eta Gaztediren garai eta adin guztietako dantzari eta musikariak elkartu ginen Isozaki Dorreetatik hasita Pergolara bitarte egindako ibilbidean (7 eta 80 urte bitarteko hirurehundik gora pertsona). Ekitaldi nagusiaz gain, erromeriak ere antolatu genituen auzoan eta, are garrantzitsuagoa dena, Euskal Jaia 2016ko urriaren 22an. Azken horrek garrantzia eta esanahi berezia izan zuen guretzat; auzotik, auzoarentzako jaialdia eskaini nahi izan baikenuen. Musikaz esnatu genuen auzoa, erraldoiak dantzan jarri genituen, Zuberoako lagunak gonbidatu genituen barrikada artean Euskal Jaia gurekin ospa zezaten, 250 bat pertsona bildu ginen mahaiaren inguruan, eta bertso-saio atseginaz gozatu genuen bazkalostea; hori guztia, erromeria didaktikoarekin borobilduta.
Heldu bezala igaro zen urteurrena, eta Gaztedik bere jardunarekin jarraitu zuen: Dantzari Egunak, jaialdiak, elkartrukeak, herri eta auzoetako jaiak… Hala, 2017ko abenduan Rebulir Nazioarteko Folklore Jaialdira itzultzeko gonbitea jaso genuen, 2010-2011ko esperientzia zoragarria berreskuratzeko esperantzaz. Betiko legez, guretzat plazerra besterik ez da dantzatzea. Etorkizuna eta iragana, aurrera eta atzera, erdizka lauetan.