Abuztua heldu eta harekin batera nor? Bada Marijaia, noski. Eta Marijaiarekin batera Aste Nagusia. Eta Aste Nagusiarekin batera gure jaietako ekitaldia, betiko legez, Aste Nagusiko asteartean; aurten abuztuak 21, arratsaldeko 7etan. Gure denboraldia bukatzeko plaza ezin hobea izaten da Bilboko Plaza Berria, batez ere lepo betetzen delarik.
Gozatzeko eguna izaten da, jaietako algaren eta parranden erdian oso ikusgarri izaten den folklore ekitaldia baita. Aurten gure dantza emanaldiko dantza sorta hurrengoa izan da: Kaixarranka, Gipuzkoako dantzak, Otsagiko dantzak, Eltziegoko dantzak eta Lapurdiko Betelu fandangoa.
Ekitaldi polita eta guretzako behintzat ikaragarria. Jendetza galanta eta giro ezin hobea, hain ezagun dugun baina era berean hainbeste errespetu diogun Plaza Berrian. Horregatik, eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, Plaza Berrira etorri zineten guztioi, musikari eta dantzariei eta ekitaldi hau posible egin zuen orori. Mila esker bihotz bihotzez, denboraldia bukatutzat eman zen ekitaldi horrekin baina berriro ere irailean gogotsu hasteko asmotan. Gora Gaztedi, Gora Bilboko Aste Nagusia eta Gora Marijaia!
Share On