Iragan zen ekainaren 16an, Santutxun Gaztediren eskutik eta Mairuek Gaztediko Erraldoietatik abiarazita Folk Lorea ekimena eraman genuen aurrera. Aurten erraldoiek ardaztu zuten asteburu osoa hartuko zuen festa. Hala, dantzaz eta musikaz jantzitako 3 egun gozatu ahal izan genituen.
Ostiralean hasi zen jaia, Gaztediko txistulariek kalejira eginez auzoan zehar. Ordubeteko zita polita etorriko zena iragar zedin. Jarraian asteburuko lehenengo kolaborazioa; Dantzakideren eskutik eta Gaztediko musikarien soinuz erromeria herrikoia izan zen Karmelo plazan, ordu eta erdiz.
Larunbata egun handia. Goizean goiztik Gaztediko eta Bilboko Gaiteroen hotsek esnatu zuten auzoa. Ostean, erraldoi bilkura mundiala Karmelo plazan, Erandioko Gautxoriak erraldoiekin, Barakaldoko Laguntasuna erraldoiekin, Bermeoko KIETB erraldoiekin, Iruñeako Buztintxuriko erraldoiekin eta nola ez, Mairuek Gaztediko Erraldoiekin. Hala, Santutxuko kaleetan barrena joan ziren kalejiran erraldoi guztiak.
Bazkaria Karmelan izan zen, euren kurtso bukaerako jaiaren harira zuten bazkari herrikoian, eta behin bazkaria bukatuta, betekada galantaz baina festarekin jarraitu nahiaz Santutxuko kaleetan zehar sartu ziren berriro gaiteroak (Bilboko Gaiteroak, Amurrioko Gaiteroak, Barakaldoko Laguntasunako Gaiteroak eta Gaztediko gaiteroak) arratsaldeak ere musika izan zezan.
Igandea ez zen gutxiago izango, eta eguerdiko ordu batetan Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik ordubeteko dantza emanaldia izan zen Karmelo Plazan, zeinetan Agurra, Jaurrieta, Zuberoako Maskarada, Bizar dantza, Kortes mixtoa (Gaztediren historian lehen aldiz!) eta Fandango eta Arin-Arin dantzatu ziren.
Azkenik, betiko legez eskerrak ematea geratzen zaigu. Kasu honetan gainera pertsona askok jaso behar ditu gure eskerrik beroenak. Hasteko noski Gaztediko kide guztiei, dantzari, musikari, porteatzaile eta laguntzaileei. Eskerrik asko baita erraldoi gonbidatuei, Erandioko Gautxoriak, Barakaldoko Laguntasuna, Iruñeako Buztintxuri eta Bermeoko KIETB. Gaitero gonbidatuei baita, egunean zehar etengabe jotzen izan ziren Bilboko Gaiteroei, Amurrioko Gaiteroei, Laguntasuna taldeko gaiteroei eta baita goizeko kalejiran izan ziren Ezpelur taldeko gaiteroei ere. Eskerrak eman baita Dantzakideko lagunei eta larunbat goizean kaleak mozten ibili ziren laguntzaile kuadrilari.
Eskerrik asko guztioi, benetan asteburu zoragarri, aparteko, zirraragarri, ikusgarri eta ikaragarria izan baitzen, eta gozatzeko modukoa eta harro sentitzeko modukoa baita. Folk Lorea aurtengoz itxita utzi genuen baina datozen urteetan auzoan errotzea da gure nahia, beraz, ez dadila “agur”-tzat geratu, “gero arte”-tzat baizik! Mila esker eta Gora Gaztedi eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak!
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Share On