Pasa den irailean kontatu genizuen bezala, El Escorialeko dantza taldearekin elkartruke baten ondorioz bertan izan ginen dantzatzen. Buelta falta zen, eta data garrantzitsu bati begira, Santutxuko Inauterietan gonbidatzea otu zitzaigun. Hala bada, pasa den larunbatean izan ziren gurekin berriro ere irailean ezagutu genituen lagunak.
Lehenago baina; goizean zehatzago esanda, Gaztediko umeen ekitaldia izan zen auzoko kaleetan zehar eta Karmelo plazan helmuga izanda, non akelarrea izan zen goizeko gaia. Gure harrobi osoa sorginez mozorroturik Santutxuko kaleak musikaz eta dantzaz busti (era literalean) eta gaztetu (hau baita) zituen.
Arratsaldeko ekitaldi nagusira buelta eginez, escorialdarren taldea Rompiendo el Baile izenez ezaguna da eta joandakoan egin zuten bezala, larunbat honetako emanaldian ere euren dantza tradizionalen ikuskizun bikain bat eskaini ziguten. Geuk gure partetik eta irailean Dantzari Dantza, Gipuzkoar dantzak eta Kaixarranka egin genituela kontuan izanik, Luzaideko dantzekin osatu genuen gure ikuskizuna.
Euriak ere une batez atertu eta emanaldia lasaitasun askoz ikustea eta egitea bermatu zuen aldetik, ezin daiteke kexarik jarri larunbateko jaiari. Eskerrak eman nahiko genizkioke El Escorialeko Rompiendo el Baile dantza taldeari horren ekitaldi polita eskaintzearren eta gurekin hain adeitsu portatzeagatik bai han eta bai hemen, bertaratu ziren guztiei, bai dantzari bai ikusle eta Gaztediko ume eta gaztetxoei baita, orain ari baitira dantzan baina Gaztediren etorkizuna dutelako zai. Gora Gaztedi!
Share On