Joan den hilabetean eta iragarri genizuen eran, Gaztedi Dantzari Taldea Galizian izan ginen. Bertan bi ekitaldi burutzekoak ginen eta hala izan zen. Alde batetik, Galiziar Telebistako LUAR saio mitikoan dantza egin genuen, zeinetan Kaixarranka ikusgarri batekin galiziar jendea, platora hurbildutako oro eta programa ikusle guztiak harrituta utziko genituen ziur asko. Bestalde, saio hartan Korrontzi euskal folk taldea egongo zela aprobetxaturik, eurekin ere fandango bat dantzatu genuen programan bertan.
Egun luzea baina deskantsurik hartu ezinik zuzeneko programa amaitu eta gaueko ordu txikitan Santiagotik Ourenserako bidea hartu genuen, hurrengo eguneko zitara ailegatzeko.
Izan ere, Ourenseko Rebulir Festibal Internazionalean parte hartzeko gonbidapena baitgenuen. Bertan, Portugaleko, Ukraniako, Gaztela Leoiko eta beste hainbat lekutako taldeekin batera dantzatu genuen. Guk, gure partetik, Zuberoar dantzetako Satan Dantza eta Godalet, Xemeingo ezpata-dantza eta Fandango eta Arin-arin bat egin genituen, orotara 15 minutu luzatuko zen ikuskizun hartan.
Asteburu ezinhobea, dantza, turismoa, jaia, kultur aniztasuna, musika eta folklorea nahasturik nola ez ondo pasa?
Bukatzeko, gogora ekarri nahiko genituzke gurekin etorritako guztiak, norbere etxetik, auzotik eta Euskal Herria osotik edukitako jarraitzaile guztiak, LUAR saioan laguntzan ibili zitzaizkigun guztiak, Rebulirko laguntzaile guztiak eta gure gidari ezinhobeak, eskerrik beroenak jaso ditzazuen guztiok gure galiziar jira hobea egin baituzue. Mila esker guztioi eta Gora Gaztedi!
Share On