Luzaide Nafarroako iparralde menditsuko herria da, Euskal Herriko iparraldeko mugatik oso gertu dagoena. Bere kokapena mugaz hegoaldera izan arren, folklorikoki dantza hauek Iparraldeko Behe Nafarroan koka ditzakegu, inguruko herri askok dantza hauek burutzen dituztelarik.
Dantza hau DUGUNA dantza taldearen eskutik jaso zen 1955ean, Gaztediren errepertorioan 1956tik aurrera egonik. 1972an Juan Antonio Urbeltzen ARGIA taldeak kaleratutako Luzaideko inauteriaren bertsio osoa ikasi zen Donostiara bidaiak burutuz beronen ikasketak jasotzeko, eta 1974an bertsio hau plazaratzeko. 1990ean Gaztedik Luzaideko inauterien kabalkada eta korteju osoa aurkeztu zuen Bilboko inauterietan otsailaren 25ean. Azken hau berriro ere 2006ko otsailean errepikatu zen, Bilboko eta Santutxuko inauterietan, 55. urteurreneko ospakizunengatik, korteju honetarako 100 bikote baino gehiago batzea lortu zen.
Dantza multzo hau aratuste edo inauteri garaian dantzatu zen garai baten Nafarroako inguruko haranetako eta iparralde osoko dantza ohiturari jarraituz. Folklorista aditu gehienen ustez, Kristautasun aurreko garaietan Bolant egunean gaur egun ezagutzen den modura (Axeri besta garai baten) Neguaren amaiera eta udaberria bazetorrela ospatzen omen zen, Kristautasunari helduta Pazkoaren hasiera eta 40 eguneko baraualdiaren hasiera.
Alabaina, gaur egun, gazte eta herritar asko kanpoan bizi edo lan egiten dutenez, Aste Santura arte atzeratu da ospakizuna, herritarrak berriro herrian batzen diren epea.
Bolanteen ohitura hau oso ezaguna zen lurralde osoan zehar, batik bat Izpuruakoa, Bidarraikoa, Baigorrikoa eta Donibane Garazikoa. Herrialde hauetan Bigarren Mundu Gerratea geroztik galdu izan dira. Galdutzat eman zen bolanteen tradizio hau Luzaiden mantendu izan da, 60ko hamarkadan berreskuratu egin zelarik ospakizuna eta gaur egun, inguruko beste herri batzuetara ere zabaldu da.
Aipatzekoak dira dantza hauen interpretazioan bi ezaugarri: Lehengo aldea, inauteri segizio bat bada ere, ez da maskarada bat (maskaradaren zentzu osoan), masken agerpena garrantzitsua da, nahiz eta oso luzea ez izan. Bigarrena, ez dela inauterietako dantza, nahiz eta garairen baten inauteri garaian kokatu, dantza hauek beste sasoi batzuetan ere dantzatu izan dira. Kabalkada hauen ordena eta formazioa, oso jerarkizatuak, militarren egiturarekin antzekotasun gehiago ditu, inauterietako formazio informal eta anarkikoekin baino.
Pertsonaien aukeraketa Errege egun ostean burutzen zen. Berpizkunde Igandean zazpietako mezatara joan ostean bolantak inguruko Arnegi eta Pekotxetako herrietara joaten ziren. Ohiturak esaten duen bezala denek batera gosaldu eta dantzatzen dute. Geroago Luzaidera bueltatzen dira bertan berriz ere dantzatzeko bazkaldu baino lehen.
Arratsaldez bazkari ostean hamabost pieza baino gehiago dantzatzen dituzte gaur egun arte heldu direnak bi ordu inguruko ekitaldi baten.
-Pertsonaia ezberdinek osotzen duten segizioa Luzaide eta inguruetako herriak zeharkatzen dituzte bi lerrotan martxak dantzatuz. Martxak 2/4ko konpasean jotako kalejirak dira, erritmo oso bizia dutenak.
-Kortejua plazan sartzen denean bolant dantza dantzatzen da, sarrera honetarako erreserbatzen den dantza.
-Sarreraren ondoren antrexantak izeneko dantzak burutzen dira, doinu biziko dantzak bi lerrotako formazioan dantzatzen direnak. Dozena erdi bat melodia ezagutzen dira, baina ezagunenak eta gehienetan burutzen direnak Euskaldunak eta Sorginak dira, Faustin Bentaberry maisuak sortutakoak 1929an Bartzelonan burutuko zen Nazioarteko Erakustazoka zela-eta.
-Lehen zati honen ondorenmakilariak bere erakustaldia egiten du, makila doinu ezberdinekin jiratu eta mugiaraziz.
–Jauziak dantzatzen dira orduan, inguruan oso ezagun eta ohikoak izanik eta korroan dantzatzen direnak. Ezagunenak Hegi, Ostalerrak eta Marianak dira. Emakumeen partaidetza 60ko hamarkadaren amaieran integratu zen, ordura arte dantzaren amaierara mugatzen baitzen. Hauen ondoren kontradantzak egiten dira, bikoteka burutzen direnak.
-Honen ondoren emakumeek ikuskizunarekin bat egiten dute bolantek dantzarako egindako gonbidapena onartuz. Europa erdialdeko oinarria duten doinuak dira, 1968an Luzaideko inauterian sartu zirelarik, dantzekin finkatuta geratu arte. Iparraldeko hiru probintzietan doinuak lekua izan dute. Luzaidarrentzat dantzak izaera erdi-arrotza dute, beraz, ez da komeni aurrekoekin nahastea edo batzea. Jauzien etakontradantzen artean ezberdintasun hori azpimarratzeko dantzariak arropaz aldatzen dira.
-Ikuskizunaren amaiera “axe ta tupina” parodiaren antzezpenarekin bukatzen da.
Pertsonaien hautaketa Errege Egun inguruan egiten da, herriko gazteak biltzen dira bakoitzaren zereginak banatzeko:
Partaide guztiek elementuren bat komunean dute, prakak, gerriko, alkandora edo-eta txapela. Kolore aniztasuna Luzaideko inauteriko jantzien ezaugarrietako bat dira, zintzarriek eta apaingarriek ikuskizun ederra izatea laguntzen dute.
Hala ere, bakoitzak bere trajea egokitu dezake, eta jantziak daramatzan apaingarriak aukeratu, ohiturak markatzen dituen neurriak errespetatuz.
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Share On