GAZTEDI DANTZARI TALDEAK ZUBEROAKO MASKARADA OSOA ANTZEZTUKO DU.
Otsailaren 22an izango da lehen emanaldia Santutxun.
20 urte bete dira aurten Gaztedi Dantzari taldeak Zuberoako Maskarada osoa lehen aldiz plazaratu zuenetik.Hura, Hego Euskal Herrian maskarada osorik eta bertara egokitua egiten zen lehen aldia izan zen.
Maskaradak dituen osagai guztiak bildu zituen 1994ko maskaradak: dantza, antzezpenak, sermoiak, koplak etab. eta arrakasta handiko proiektua bihurtu zen. Auzoko proiektu gisa hasi zena, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritara iritsi zen, Zornotzatik hasi eta Baionaraino.
20. urteurrena bete duen honetan, proiektu hura berpiztu eta berriz plazaratzea erabaki du Gaztedi Dantzari Taldeak. Eta modu berean plazaratu ere, beti ere egungo egoerara egokituta eta berrikuntza batzuekin. Batetik, orain hogei urte ez bezala, aurtengo maskaradan Aintzindari Gorriekin batera Aintzindari Beltzak ere izango dira. Bestalde, orduan egin ez ziren Zuberoako Kadrilla bi dantzatu dira.
1994an bezala, hitzetan oinarrituta dauden adierazpideak egokitu egin dira bertakoek uler ditzaten. Hala, zubereraz mintzatu edo kantatu beharrean, euskara batuaz zein bizkaieraz arituko dira.
Orotara, 40tik gora lagunek parte hartuko dute.
Santutxuko emanaldia otsailaren 22an, larunbata izango da. Goizeko 10etatik aurrera auzoko plazetatik ibiliko da maskarada barrikadak gainditzen. Arratsaldean berriz, 17:30etatik aurrera, “ofizioak” edo “jokoak” izango dira Karmelo Plazan.
Goizeko barrikadak egiteko, auzoko eta hiriko eragile ezberdinen laguntza izango dugu.
Share On