Beste behin ere Gaztedi Dantzari Taldearen proiektu baten berri emateko jartzen gara zuekin harremanetan. Oraingoan, baina, ezohiko proiektu baten berri ematea da gure asmoa.
Jakingo duzuen bezala, oso luzea da Gaztedi Dantzari Taldeak daraman ibilbidea eta ugariak dira bertatik igaro diren pertsonek bizitako pasarteak. Pasarte hauetako asko kontakizun eta anekdota hutsak izan daitezkeen arren, beste askok garrantzi handia dute garai bateko gizartea, giroa eta bizipenak irudikatzeko eta garai gogorretan euskal kulturaren alde lan egiten aritu diren pertsona batzuen ikuspegia ezagutzeko.
Hausnarketa honetan oinarrituta proiektu berezi bat gauzatu dugu: Gaztediko belaunaldi zaharreneko partaide batzuen testigantzak grabatu, batu eta ikus-entzunezko dokumentu batean argitaratu.
Honen ondorioa “DANTZA BATEN LEHEN URRATSAK” izeneko dokumental itxurako lan bat da, 83 minutuko iraupena duena eta pertsona hauen testigantzak batzen dituena.
Taldearen sorrera eta lehen urteak biltzen ditu, 1951-1966 urteen artekoak gutxi gora behera.
Hasiera baten Gaztediko esparruan mugatutako lan bat bezala planteatu arren, badakigu euskal kulturaren munduan eta bereziki euskal folklorearen munduan interesgarria suertatu daitekeen lan bat dela. Hori dela eta, lan honen emaitza plazaratzea eta ezagutzera ematea erabaki dugu hilabete honetan bertan planteatu ditugun dohako bi proiekzioren bitartez:
Otsailaren 17an, astelehena, BilboRock aretoan, 19:45etan, GONBIDAPENAREKIN BAKARRIK.
Otsailaren 18an, asteartea, BilboRock aretoan, 19:45etan, PERTSONA GUZTIEI IREKIA (EDUKIERA MUGATUA).
Aretoaren edukiera mugatua dela eta bi proiekzio egin beharrean aurkitu gara. Lehenengoa gonbidapen bidezko sarrera izango da soilik, alde batetik protagonista izan den belaunaldiaren asistentzia ziurtatzeko eta bestetik taldearen konpromisoak bete ahal izateko.
Share On